Prozedura

Haurrek jaiotzen direnetik gauza asko behar dituzte modu egokian garatzeko: inguruarekin komunikatu, errealitatea pixkanaka ezagutuz joan eta errealitate horretan segurtasuna sentitzea. Guzti hauek aprendizai luze baten bidez gauzatzen dira, eta aprendizai honetan parte hartzen dute, ezinbestean, faktore psikologiko, sozial eta intelektualak, hirurak dira garrantzizkoak. Beraz, beren trebetasun kognitiboak garatzeko haurrak aprendizai prozesu luze bat pasa beharko du bere inguruko helduek lagunduta. Aprendizai hori oso loturik dago hizkuntzaren lorpena eta garapenarekin.

 

Haurraren inguruko helduek beraz, ikasi beharko dute zein diren haien eskuetan dauden baliabiderik egokienak, haurrari bere ibilbide honetan laguntzeko, hizkuntza garatuz, haren emozio munduari tokia egin eta garapen intelektual gorenera iristeko. Besteak beste, gure eskuetan dauden tresnak aurkeztu behar ditugu eta guraso eta irakasleei eskaini hauen erabilpena sustatzeko. Izan ere Literatur testuak garapen horren lagungarri apartekoak dira. Helduok haurrei irakurketa eskaintzen diegun neurrian, ondorio magikoak sortuko dira haurren adimenean, hizkuntza eta emozioak garatzeko eta baita haiekin lotura afektibo sendo bat finkatzeko ere.

 

HAURREI IRAKURTZEN EMAN

Irakurketa altxor bat da. Haur txiki batek dasta dezake altxor horretatik baldin eta bere heldu horiek “Irakurtzen ematen” badiote, jaten ematen dioten bezalaxe. Lehenik eta behin, irakurketaz ari garenean adin hauetan, testu eginak komunikatzeaz ari gara; beste modu batean esanda, testu jakin batez baliatzeaz komunikatzeko. Lehen hilabeteetan sehaska kantak abestuz, errima xume eta goxoak xuxurlatuz, irudi sinple batzuk eskainiz. Geroago, “irakurtzen ematea” ipuin bat kontatzea da edota poesia bat irakurtzea eta harekin jolas bat egitea. Orduan, Irakurketa bera eta ipuina bera, oinarrizko behar batean bilakatzen dira haurrarentzat, errealitatea ezagutzeko estimulu anitzak eskaintzen dizkiolako, bere zentzumen guztiak suspertuz.

 

Zentzu honetan “irakurtzen ematen” diogunean, haurraren garapen intelektuala, emozionala, soziala eta, aldi berean, hizkuntzarena estimulatzen ditugu. Horrez gainera, emozionalki ongi sentiaraziko dugu gaztetxoa haren tentsioak lasaitzen dituelako, bere beldurrak uxatzen dituelako, ipuinak berak “sentiarazten” diolako eta gozamena sentitzen duelako, berak maite duen heldu horrekin momentu goxo, zoragarri eta magiko bat pasatuz.

 

ZERGATIK EMATEN DIRA ONURA GUZTI HORIEK?

Sehaska kantu bat abesten dugunean, poesia bat irakurtzen ari garenean, marrazki bat haurraren aurrean jartzen dugunean edo ipuin bat kontatzen diogunean, haurraren maila psikologiko eta afektibo berean komunikatzen ari garelako; hau da, irudimenaren, fantasiaren, errealitatearen, posibilitatearen, keinuen eta hitz jokoen mailan jartzen garelako, alegia.

 

Lehenengo hilabete eta urteetan, errealitatearekin harremanak izateko, haurrak dituen komunikatzeko tresna nagusiak zentzumenak, mugimendua, erritmoa eta jolasa dira, batik bat. Tresna horiek aurkitzen ditu irakurketaren eta kontaketen bidez heltzen zaizkion istorio txikietan, errimetan eta jolas erritmikoetan, nagusiek beren istorio txikiekin ematen dizkion irakurketetan.

 

IRAKURKETA ETA LOTURA AFEKTIBOAK

Kontuan izango dugu halaber, haur txiki horri « irakurtzen ematen » diogunean, komunikazio afektibo bat sortzen dela bera eta bere helduaren artean. Gertakizun hau erabakigarria da lotura afektibo bat finkatzeko. Lehenengo urteetan komunikazio hau zentzumenen bidez ematen da (hitza, ukimena, begirada, keinua, …). Gero, irakurketa eta idazketaren aprendizaiarekin, beste bide bat zabaltzen da komunikazioan. Baina, heldu baten laguntza eta “presentzia” ezinbestekoa da komunikazio hori burutzeko.

 

Hizkuntzari begiratzen badiogu berriz, hau ingurua erakusteko bakarrik irakasten bada, hizkuntza erabat formala izango da, eskolarako bakarrik erabiliko dena, eta behar afektiboak beste nolabait adierazi beharko ditu haurrak (batez ere nerabezarora iristean), gaztelaniaz edo ingelesez.

 

Baina psikologoek garbi erakutsi digute gure jokabideak batez ere bizipen afektiboek eta emozionalek gidatzen dituztela. Hor dago, bada, koxka: haurrak txiki-txikitandik hizkuntza afektiboaren beharra du, beraren behar nagusiak asetzeko hizkuntza afektiboa eskaini behar zaio batez ere. Eta hizkuntza afektibo hori mendeetan zehar bildurik, ondurik eta sustraiturik dauka poesiak, hala poesia herrikoiak nola jasoak.

© 2010 Bularretik mintzora

GALTZAGORRI ELKARTEA
Zemoria, 25-behea
20013 Donostia
Telf.:943 471 487 | Fax: 943 277 288

CSS | XHTML | WAI-A
iametza interaktiboak garatuta