Albisteak

Amandre Ipuinak edo Ipuin Miresgarriak ezinbestekoak dira haurrentzat: Fantasiak errealitatea sakonago ezagutzen laguntzen die

2017-02-13

Tradiziozko ipuin hauek sinboloekin egiten dute lan eta sinboloen esanahia ez da gehienetan zehatza izaten. Gorpuzdura sinbolikoak haurrari sendotasun eta segurtasun handia ematen dio, bere adimenaren hezurdura osatzeko eta sendotzeko. Ipuin horietan garapen psikologikoaren, adimena handitzearen eta ezaguera eskuratzearen pedagogia oso bat dago.

Amandre ipuinak oso egitura egonkorra eskaintzen du, horrek haurrari bere nor izatearen erdigune bat osatzen laguntzen dio, berea bakarrik den erdigunea. Hala ere, egitura irekia ere badu, hau da, edonolako bizipenekin bat etortzeko gauza dena, esanahia bide bakar batera lerratzen ez dena.

Ipuin miresgarriak ere deituak, haurra bizitzaren misterioetan barna abiarazteko pedagogia oso bat biltzen dute. Hots, gertakizunak izan baino lehenagoko nolabaiteko adimenezko eta arima mailako barneratze edo bereganatze psikologikoa gertatzen da.

Bizitzaren oztopo eta erronkei aurre egin behar zaiela erakusten die amandre ipuinak haurrei. Gauza txarrek eta okerrek onek eta zuzenek bezainbat leku betetzen dute bizitzan: gaiztakeria eta ontasuna, laguntza eta kaltea, batera agertzen dira; baina, beti alde positibotik dator irtenbidea. Haurrak diskriminazio eta aukera ahalmenak lantzen ditu bere barnean.

Piaget-ek dio haur txikiak mundua era subjektiboan bakarrik ezagutu dezakeela, eta honetan literaturak, marko paregabea eskaintzen die.

Amandre ipuinen fantasia miresgarriak haurraren “ni”ari iturri agortezinak eskaintzen dizkio, barne gozagarri eta larritasunen aringarri. Gainera, fantasia errealitatearen ezagupen sakonagoa lortzeko bidea ere bada, alde batetik errealaren mugak zehatzago ikusten laguntzen dielako; eta bestetik, errealitatearen alde berriak etengabe aztertzen jarraitzeko irudimen-indarra suspertzen digulako.

Bularretik Mintzora egitasmoko gure lankide den Juan Carlos Alonso psikologoari, hikhasi-n egindako elkarrizketa interesgarri bat.
Gaiari lotutako artikulu zoragarri bat hemen.

atzera

Galtzagorri Elkartea
© 2016 Bularretik mintzora

GALTZAGORRI ELKARTEA
Zemoria, 25-behea
20013 Donostia
Telf.:943 471 487