Albisteak

BM egitasmoan dauden herrietako bibliotekariekin egindako bileren ondorengoak.

2015-12-16

Gaur egun BM egitasmoan 21 herrik hartzen dute parte. Hauetatik 17 herritako bibliotekariekin batu ginen lehengo udan egitasmoaren adar guztien inguruan balorazio bat egite aldera.

 

 

Ateratako ondorioak hauexek dira:

MOTXILAK:

Ikastetxe guztietan gela bakoitzean motxila ibiltari bat dute eta honek etxea, biblioteka tea eskola lotzeko eginkizuna du. Bibliotekan liburu bat maileguan hartuko du umeak etxean gurasoekin irakurri eta gero eskolara eramango du gelakideekin partekatzeko, hurrengo baten beste haur batek ekingo dio zirkuitoari eta horrela etengabe ikasturte osoan zehar.

Ekimen honen inguruko balorazioak oso baikorrak izan dira orokorrean, guraso eta irakasleen inplikazioa goraipatu da eta ekimen eraginkortzat hartu da oro har, izan ere ume askorentzat biblioteka ezagutzen hasteko lehen urratsa izaten baita.

MALETAK:

BM barruan dauden herrietan, zortzi bat liburu zoragarriz betetako maletak egoten dira edozeinek maileguan hartzeko. Hauen zirkulazioa ez da oso ugaria ordea. Informazio falta izango litzateke arrazoi nagusiena: noiz dauden prest, noiz aldatzen den bibliografia… beraz, adi ibiliko gara gurasoei honen berri, behar den unean emateko.

BM TXOKOA:

Biblioteka hauetan konpromiso handia dute liburu hautatuz osaturiko apal bereiziak sortzen. Apalategi hauetan Galtzagorrik 0-8 urte bitarteko neska mutilentzat gomendatzen duen bibliografia egoten da. Biblioteka bitan adierazi zuten ezin dutela apal bereizirik sortu, leku falta dela medio.

Afera honetan liburuzainen balorazioa oso positiboa izan da. Izan ere, kalitatezko literatura bermatuta dagoen saila denez, erabiltzaileek txikientzat liburuak eskatzen dizkietenean apal horietan ona dena aurkituko dutenaren lasaitasuna izaten baitute.

IRAKURKETA KLUBAK:

Gaur egun, 8 herritan dihardute gure dinamizatzaileak diren, Mari Garcia, Lur Korta eta Miren Guilló haur eta gurasoak batzen dituen ekintza polit hau sustatzen. Probatu duten herrietan, urtez urte errepikatu egiten dute.

Liburuzainen esanetan, saio hauetan ematen den dinamikak eta bertan ematen den informazioa gurasoei oso baliagarria egiten zaie beraien buruak janzten joateko.

Ekintza honek benetako interesa pizten duela atzeman dute. IKetara datozen guraso eta haurrak, aurretik jada izan ez badira, liburutegiko erabiltzaile bilakatzen dira gainera, umearentzako liburuak hartzeko batik bat baina baita berauentzako ere.

GURASO LANTEGIAK:

Haur literatura, kontagintza, emozioak… gaiak ardatz dituzten gurasoentzako tailerrak sustatzen dira Bularretik Mintzoratik: izan ere, gurasoak baitira umearen bidelagun eraginkorrenak.

Orain arte gurasoentzako lantegiak burutu dituzten biblioteketako liburuzainek oso ondo baloratu dituzte. Eduki interesgarri eta mamitsuak dituztela adierazi dute.

Arazoak izaten dira deialdia arrakastatsua (jendetsua) izan dadin, ez da garai ona literaturaren inguruko ekimenentzat. Hala ere, inoiz ez da orain arte lantegi bat jende faltagatik bertan behera geratu.

BM EGITASMO OROKORRAREN BALORAZIOA:

Liburuzain gehienek pozik hartzen dute parte egitasmo honetan, eragiten dituen ekintza guztiak baliagarriak eta eraginkorrak direla uste dute, nahiz eta batzuetan eremu txikian izan.

Pozik jarraitzen dituzte BMtik proposatzen zaizkien ekimen berriak. Bibliotekari gehienek adierazi dute BM egitasmoa beraien herrian sartu zen lehenengo urteetan erabiltzaile berrien kopuruak gorakada izan zuela. Batez ere motxilen joan-etorriak herriko ume guztiek 3 urte dituztenetik bibliotekako bazkide txartela egitea eragiten dutelako.

Irakurketa Klubetan parte hartzen duten gurasoak ere, beraien seme-alabekin batera, bibliotekako erabiltzaile bilakatzen dira. Esan dezakegu bada, Bularretik Mintzorak herri hauetan euskal haur literatura bizirik mantentzeko ereiten duen haziak badituela bere fruituak.

Gu pozik gaude jasotako uztarekin!

Eskerrik asko bihotzez hazia ernaldu eta landare zoragarri hau sortzen laguntzen diguzuen liburuzain, irakasle, guraso eta, noski, haur guzti guztiei!!

atzera

Galtzagorri Elkartea
© 2016 Bularretik mintzora

GALTZAGORRI ELKARTEA
Zemoria, 25-behea
20013 Donostia
Telf.:943 471 487