Albisteak

BULARRETIK MINTZORAREN AROA BUKATUTZAT EMAN DU GALTZAGORRI ELKARTEAK

2017-12-26

Badira 10 urte Galtzagorri elkarteak, 0-8 urte bitarteko haurrengan, familiak, ikastetxeak, bibliotekak eta osasun zentroak konplize hartuta, irakurketa ohiturak indartzeko, Bularretik Mintzora egitasmoari ekin ziola. 
Irakurketaren ikusmolde zabal bat abiapuntu, hastapenetatik egitasmo sistematizatu bat izateko helburuarekin jarri zen martxan.

Itziar Zubizarretak sortutako egitarauarekin eta Galtzagorrik sostengatu eta kudeatutako egitasmoarekin 10 urte hauetan zehar 21 herritan, eskolaz eskola, bibliotekaz biblioteka hazten eta aberasten joan den adar indartsua izan da.

Ikastetxe horietan eraginda, 600 irakasle formatu dira gurekin, 9.000 etxetara heldu gara. 2008tik hona BMn parte hartu duten haurren gurasoek 2.947 galdekizun erantzun dituzte eta erantzun horiek jaso, prozesatu eta ebaluatu ditu ondoren Galtzagorri Elkarteak. BM Informazio buletinak 1.596 harpide ditu. Gure emaitzak hobetuz joan dira urtetik urtera.

Baina orain Bularretik Mintzora egitasmoari eta bertan buru belarri lanean aritu diren profesionalei agur esateko ordua heldu zaigu. Ez da ezerezean geratuko, lan asko egin baita eta helburu baliagarri asko eskuratu. Zalantzarik gabe, egitasmoaren barnean sortu diren atal batzuk oso arrakastatsuak izan dira: hala nola Irakurketa Klubak, gurasoak eta haurrak biblioteketan bildu eta irakurketa partekatzeko asmotan sortuak. Edota etxea, eskola eta biblioteka lotzen zituzten motxilatxo ibiltariak, hainbeste gela eta etxetara liburu ederrak eraman eta hauetan istorio zoragarriak zabaldu dituztenak. Egitasmoari, oraingo moduan agur esan behar badiogu ere, bere arrastoa geldituko da; eta honen baitan jaio diren hainbat ekintzek beren bidea egingo dute. Hala nola, aipatutako irakurketa klubak eta formazio tailerrak bideratzen jarraituko dugu, hala nahi duten herrietan; eta bibliografia berria eta materiala eta baliabideak eskaintzen jarraituko dugu, ziur aski, web gunearen bidetik. Buru bakoitzari bere zoroak darabil eta gureari Euskal Haur Literaturak eragiten dio batik bat, beraz, Bularretik Mintzora egitasmoak ibilitako bidea zaindu eta haren hegoak literatura gailentzen jarraituko duen beste nonbait zabalduko ditu Galtzagorri Elkarteak.

Hausnarketa sakonaren ondoren
BM Kanpaina ikaragarri hazi da urte guzti hauetan. Lan asko egin dugu, beti maitasunez. Baina kanpaina arrakastatsua izanik ere, tamalez, honen gain-dimentsioak eraginda, Galtzagorri Elkarteak 2017an Bularretik Mintzora kanpaina bertan behera uztea erabaki du. Halaxe jakinarazi zion Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako arduradunei, urteetan kanpaina honen babeslea izan dena. Hausnarketa sakon eta luze baten ondoren hartutako erabakia izan da: Bularretik Mintzora gaur egun ezagutzen dugun formatuan, bederen, askatzeko beharra sentitu dugu.
Hala ere, harro gaude, izan ere, hasierako urte haietan, 2007-2008 inguru hartan, egitasmo sistematizatu bat izateko bokazioarekin jaio zen egitasmoak zituen helburuak lortuta esaten baitugu agur.


Bularretik Mintzoraren bidean konplize izan ditugun bibliotekari, irakasle, guraso, pediatra, erizain, emagin, hezitzaile eta haur guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu eta gonbidatu gurekin bidean aurrera jarrai dezaten, EHLren bidetik emango baititugu hemendik aurrerako urrats guztiak ere.

Besarkada handi bat eta ikusiko dugu elkar bazen behingo lurraldean.

atzera

Galtzagorri Elkartea
© 2016 Bularretik mintzora

GALTZAGORRI ELKARTEA
Zemoria, 25-behea
20013 Donostia
Telf.:943 471 487