Albisteak

Egunean, gutxienez, ipuin bat

2017-03-10

Denok egongo gara ados: ipuinak entzuteak indar ikaragarria du eta entzulearengan ukendu lasaigarriaren efektua dute. Helduak garela ere, norbaitek ipuin edo anekdota bat kontatzen duenean erne-erne egoten gara, kontalariaren aurpegiari begirik kendu gabe, keinu guztiak jarraituz, gure buruan hitzek iradokitzen dutena irudikatzen dugun bitartean.
Helduongan horren eragin handia badu, haurrengan zein izango da ipuin batek sortzen duen zirrara?

Ume aroko sentsazio guzti horiek denak ahaztuta baditugu, jar gaitezen haur baten aurrean eta esan diezaiogun “Bazen behin” eta laster ikusiko dugu aurpegia nola aldatzen zaion, nola zabaltzen dituen bere gorputz eta arimako ate guztiak ipuinaren magia bere barna lasai asko ibil dadin, tokirik ezkutuenean ere toniko lasaigarriaren lana eginez. Haur baten begiak ikustea baino ez dago ipuinak sortzen dion onuraz konturatzeko. Hau guztia bizitzea, entzuten duenarentzat oparia ez ezik, kontalariarentzat ere sekulako bizipen liluragarria da.
Horregatik Bularretik Mintzora egitasmoaren baitan umeen inguruko helduak kutsatu nahi ditugu ipuinek sortzen duten magia horrekin. Beraz, irakurketaren bitartekari zaretenoi, zera esaten dizuegu: “Kontatu egunean, gutxienez, ipuintxo bat…”.

Hemen ipuinen magiari buruz Paco Abrilek idatzitako artikulu polit bat.

atzera

Galtzagorri Elkartea
© 2016 Bularretik mintzora

GALTZAGORRI ELKARTEA
Zemoria, 25-behea
20013 Donostia
Telf.:943 471 487