Albisteak

Irakurzaletasuna eta eskola arrakasta erabat lotuta doazenean

2017-02-23

Berriki argitaratu den PISA txostenak ez ditu emaitza baikorrak agertu 2016. urtean zehar ikertu diren EAEko hezkuntza arlo askori erreparatzen badiogu. Gazteek irakurmen ulermenaren atakan erakutsi dituzten emaitzak ez dira batere adore emaileak izan. Galtzagorriri eta Bularretik Mintzora egitasmoaren jardunari dagokion gaia izaki, asko arduratzen gaitu honek, izan ere, uste baitugu, gai honen inguruan hausnarketa bat egiteko ez ezik ekintzetara igarotzeko garaia heldu dela.

Bularretik mintzora egitasmoaren ardatz nagusia haurrak irakurketa konpetentziaren jabekuntza zabal batera iristea da: testuak gureganatzeko gaitasuna izatea, testuak partekatzeko trebetasuna sustatzea eta, azken finean, komunikatzeko ahalmena erabat aberastea

Txikitatik irakurtzen eman modu sistematikoan

 

Horretarako umeei txiki-txikitatik irakurtzen eman behar zaie eta irakurketa horien inguruan sor daitezkeen ekimenetan indarra jarri. Horretarako, haurrak ibilbide honetan lagun izango dituen helduek, guraso, irakasle, osasun profesional zein liburuzainek formazioa behar dute, oinarri teorikoak eskuratu behar dituzte. Irakurketa prozesua nola ematen den eta gizakiok hau martxan jartzeko zein beharrizan ditugun ondo jakitea ezinbestekoa da, eskolan, etxean edota liburutegian irakurtzeko zaletasuna sustatzeko ekintza egokiak burutzeko. Ekintza horiek, gainera, sistematikoak behar dute izan, haurren egunerokotasunean ñabardura handiekin txertatuak. Honekin irakurle osoak, gogoetatsuak, irizpidedunak eta irakurle bezala autoestimu altukoak sortu nahi ditugu. Beraien esperientzia literarioen jabe izango direnak, edozein testu mota ulertzeko gai izango direnak eta gainera prozedura honekin guztiarekin eta lortutako jabekuntzarekin gozatuko dutenak.

Bularrretik Mintzora egitasmoa, doan ikastetxera doala, heltzen den herrira heltzen dela, horixe egiten saiatzen da: umearen inguruan dauden bitartekari heldu guztiak formatu eta irakurzaletasuna sustatzearen garrantziaz kutsatu.

Gizartean barneratuta daukagu irakurzaletasuna norberaren eraikuntzan ezinbesteko tresna dela. Baina kontua da ea argi dugun irakurzaletasunak eskolako curriculumean eragiten duen onura ere erabatekoa dela.

Literaturaren irakurketa aisialdiaren eremuan sar daitekeela esan dezakegu, literaturak ez baitu erabiltzen ikasketetarako baliagarriak diren hizkuntza zientifikoa edota lexikoa… Bitxia da baina, irakurle trebeek, hau da, irakurtzeko ohitura bereganatu dutenek, irakurketa ulermen handia dutenek gai akademikoetan gora egin ahala emaitza hobeagoak dituztela irakurle traketsak direnek baino. Mailetan aurrera egiten den heinean, testua ulertu ez eta memoriaz ikasten dutenek gero eta zailtasun handiagoak topatuko dituzte, testuen konplexutasuna handitzen doalako. Irakurketan arituak direnek aldiz, bide hori egina dute eta testuaren ulertze-lanean sar daitezke buru-belarri ia konturatu gabe eta, ondorioz, edukiez jabetu.

Gure ustez hertsiki lotuta daude irakurzaletasuna eta arrakasta akademikoa. Nahiz eta guk printzipioz helburu horrekin egin ez.

Hemen duzue gai honi buelta gehiago emateko artikulu interesgarri bat

atzera

Galtzagorri Elkartea
© 2016 Bularretik mintzora

GALTZAGORRI ELKARTEA
Zemoria, 25-behea
20013 Donostia
Telf.:943 471 487