Bibliotekariak

Bularretik Mintzorako egitasmoaren oinarrietariko bat, zalantzarik gabe, Bibliotekak eta bertako langileak diren bibliotekariak dira. Bibliotekak irakurketa gunea dira, bertan denontzat eskuragarri baititugu era guztietako liburuak baita irakurtzen egoteko toki atseginak ere. Bibliotekariak dira bibliotekan liburu onen aukera zabala egon dadin arduratzen direnak. Eta justu horien atzean egongo da BULARRETIK MINTZORA taldea: Bibliotekariei Haur Literaturan urtez urte argitaratzen diren liburu onen aholkularitza ematen.

 

Egitasmoaren abiapuntua eta helburua dira bibliotekak. Bertan gauzatzen dira egitasmoaren ekimen gehienak; hala nola, ikastaroak, irakurketa klubak, hainbat mintegi eta lantegi. Egitasmoan parte-hartzen duten biblioteketan BULARRETIK MINTZORA marka duten liburu txokoak paratzen dira. Bertan, Galtzagorri Elkarteak hautatu dituen kalitatezko liburuak daude.

 

Txoko horretan gauzatzen da biblioteka- etxea - eskola uztartzen dituen motxila ibiltariaren egitasmoa. Egitasmo honen eraginez, BULARRETIK MINTZORA egitasmoa gauzatzen den herrietako biblioteketan bazkide kopurua izugarri handitzea lortu da zenbaitetan. Eta gainera, horietako asko eta askotan, mailegua ere handitu egin da.

 

Bestalde, biblioteka hauetan maleta ibiltariak ere badaude. Etxera Euskarazko Haur Literaturako liburu sorta bat eramateko aukera eskaintzen du egitasmo honek.

Gainera 2016. urtetik, Bibliotekarientzako Formazio Jardunaldia egiten da urtean behin. Jardunaldi hauetan BM egitasmoa ezarrita daukaten herrietako liburuzainekin batzen gara egitasmoaren inguruko hausnarketa egin eta behar diren gaietan sakontzeko. Jardunaldi hauetan bibliotekariek behar duten argibide eta laguntasun guztia jasotzen dute. Helburua honakoa da: bibliotekariek Haur Literaturaren inguruan biblioteketan egiten duten lana ahalik eta gehien hobetzea, BM egitasmoaren inguruko ñabardura guztiak argitzea eta hala bibliotekarien eta BM koordinazio taldearen arteko elkarlana hobetzea.

 

Jardunaldi hauek urtero egitea komenigarri ikusten dugu, izan ere, era honetako ekimenek balio dute BM taldean dauden bitartekarien komunitate izaera indartzeko, alegia, umearen osotariko hazkuntzan bide lagun egoki izatearen funtzioan sakontzeko.

Galtzagorri Elkartea
© 2016 Bularretik mintzora

GALTZAGORRI ELKARTEA
Zemoria, 25-behea
20013 Donostia
Telf.:943 471 487