Ebaluazio kualitatiboa

 

1.- Hizkuntzaren ulermen estrategiak auzipean

Bularretik Mintzora egitasmoaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat da eskoletan eta etxeetan Euskal Haur Literaturaren alde egin duen apustua. Haur literatura modu sistematiko batean erabiltzeak helduekiko lotura afektiboak areagotuko ditu, aldi berean, haurrari bere emozioei aurrez aurre begiratu eta ulertzen laguntzen dio. Baina hizkuntz egituraketa guztiaren azpitik dator eta horrekin ere jokatu du egitasmoak: Haur Literaturaren ezaugarriek, batez ere, erritmoak, doinuak eta soinuek suspertzen dituzte norberak bere hizkuntza sortzeko dituen mekanismoak.

Lan sistema honek BCBLren ikerketa lerro batekin bat egiten duen neurrian, haien interesa suspertu du eta ikerketa berezi bati hasiera eman diote 2015ean, horien emaitzak 2017a baino lehenago ikusiko ez badugu ere.

Ezaugarriak

Egitasmoaren egitarau osoa (helburuak, edukiak, baliabideak eta prozedurak) auzipean jarri eta ikerketa zientifiko bati hasiera eman diote BCBLeko zientzialariek. Gure proposamen didaktikoa pausoz pauso jarraitzen duen eskoletako haurren emaitzak alderatuko dituzte egitasmoa aplikatzen ez den eskola baten haurren emaitzekin.

Helburuak

1.- Egitura erritmikoen entrenamendu sistematikoak izan lezakeen balizko eragina testuak aurreikusteko.

2.- Egitura erritmikoetan  izan lezakeen eragina hizkuntz hainbat nahasmenduetan.

Ikerketaren abiapuntua da eskola-egitarau honek  ikasketen garapenenean funtsezkoa den irakurketa gaitasunean onurak dakartzala, baina  ikerketaren xedea da irakurketa eskuratzeak zein aldaketa biologiko eragiten dituen eta testuak ulertzeak jarreran zer-nolako aldaketa dakarren ulertzea.

Gaur egun irakurketak funtsezko funtzioa duenez gero, irakurketa eskuratzeak nolako aldaketak eragiten dituen ulertzeak haurrek eskolan duten errendimenduan eragin dezake, baina baita beste maila batzuetan ere, gizarteratzean eta laneratzean esate baterako. Bestalde, ikerketa honek irakurketaren nahasmenduak hobeto ulertzen lagun dezake. Haurren % 3aren eta 10aren artean irakurketa nahasmenduak ditu eta eskola garaian kezka handia sortzen du honek eta haurrengan eta haien gurasoengan sufrimendu iturria.

Ikerketa- BCBL: Paula Ríos, Marie Lallier, Nicola Molinaro, Oihana Vadillo

Egitaraua: Itziar Zubizarreta

 

2.- Haur Literatura  garapen emozionalean

Egitasmoak bereziki azpimarratzen du bere egitarauan  euskal ipuingintzaren erabilera sistematizatua. Irakasleei eskaintzen dizkiegu baliabide zehatzak kontatzeko, irakurtzeko eta album ilustratuaei begira kontaketan antolatzeko. Badakigu ipuingintzak haurraren garapen emozional eta afektiboan eragin zuzena duela eta barne mundu horiek arakatzea da ebaluzio lerro honen helburua. 2016an hasten da ebaluazio hau garatzen Bularretik Mintzora egitasmoaren ekipoaren ardurapean.

Ezaugarriak

2  eskoletako 5-6 urteko haurrek hartuko dute parte ebaluazio honetan:  Talde batean haur literaturaren egitarau sistematiko bat aplikatzen da, Bularretik Mintzoraren bitartez; bestean berriz, ez da haur literaturaren erabilpena sistematizatzen. Test edo froga batzuk aplikatuko zaizkie bi taldekoei, gero emaitzak alderatzeko.

 

1.HELBURU OROKORRA: Neurtu nahi da Bularretik Mintzora egitasmoaren jarduera sistematikoek zer nolako eragina izan duten haurren garapen psiko-afektiboaren hainbat arlotan .

2.ZEIN ARLO EBALUATUKO DIREN:

2.1. Irudikatzeko ahalmena (irudi mentalak sortzeko ahalmena)

2.2. Arreta mantentzeko ahalmena  à “Zentrajea”

Haurren garapen psiko-afektiboan haur literaturak sortzen duen eragin baikorretako bat da introspekzioa areagotzea. Introspekzioa zera da: haurrak “bere baitan sartzeko duen ahalmena”; haurra “auto-aitorpen psikologikoaz” eta “emozionalaz” jabetzea. Azken finean, haur literaturak haurraren sentikortasuna, identifikazio emozionala eta enpatia garatzen dituela frogatu nahi da.

EHUren aholkuari jarraituz, zenbait ikerketek diotenez, introspekziorako ahalmen hori ebaluatzeko modu ezberdinak daude. Horien artean, haurrak duen irudikatzeko ahalmenaren (irudi mentalak sortzeko ahalmena) neurketa legoke, irudi horiek, besteak beste, norberaren bizipen afektiboetatik sortzen direlako.

Introspekziorako ahalmenaren beste adierazleetako bat, arreta mantentzeko ahalmena da: Haurrak “bere baitan”, “adi” egoteko duen ahalmena, bai kuantitatiboki, (arretaz zenbat denboraz egon daitekeen) eta kualitatiboki (arretaren kalitatea, kontzientzia).

 

Hasi gara!

 

Hemen, kontrol laginaren emaitzen txostena.

 

Ikerketa-BM-Galtzagorri Elkartea: Juan Karlos Alonso

Egitaraua-BM-Galtzagorri Elkartea: Itziar Zubizarreta

Galtzagorri Elkartea
© 2016 Bularretik mintzora

GALTZAGORRI ELKARTEA
Zemoria, 25-behea
20013 Donostia
Telf.:943 471 487