Bularretik Mintzora egitasmoaren baitan Irakurketa Klubak izeneko saioak burutzeko aukera ere badago. Esan bezala, ekintza honetan guraso eta haurrak elkarrekin joaten dira liburutegira, Galtzagorriko dinamizatzaile batek zuzendutako irakurketa saioetan parte hartzera.
Saio hauen helburua bikoitza da: alde batetik, gozatzeko une bat sortzen da, ipuin, kantu, olerki eta hitz jolasekin heldu eta haurrek ondo pasatu dezaten; bestetik, gurasoen prestakuntza bilatzen da. Horretarako, HGLko baliabideak erakusten dira, eta kontatzeko moduak azaltzen. Azken batean, helduak seme-alabekin literatura modu autonomoan lantzeko gai senti daitezen nahi da.
Guraso eta haurrek ekimen batzuk burutzen dituzte elkarrekin, hala nola, irakurketa ozenak, liburuen aurkezpenak, irakurritako liburuei buruzko komentario eta gomendioak, eta hainbat ekimen lasai liburuak ezagutuz gozatzeko eta idatzizko literaturaren curriculum bat pixkanaka osatzen hasteko.
Honakoak dira egitasmo honekin, besteak beste, lortu nahi ditugun helburuak:
-Irakurketa sustatu
-Kalitatezko euskal bibliografia ezagutu
-Guraso/hezitzaile eta haurraren arteko irakurketa giroa sortu
-Guraso/hezitzaileak ozenki irakurtzen trebatu
-Haurrek giro lasai batean gozatu dezaten lortu
Gaur egun, hiru adin tarteri zuzendutako saioak eskaintzen dira:
· 6 hilabete - 36 hilabete
· 3-6 urte
· 6-8 urte
. 8-10 urte
Partaidetza:
Kalitatea mantendu eta arestian aipatu diren helburuak betetze aldera saio hauetan partaide kopurua mugatua izango da:
● 3-5 eta 6-8 urte bitarteko umeak dituzten familiei bideratutako Irakurketa Klubetan gehienez 10-15 familia onartuko dira.
● 6 hilabete eta 3 urte bitarteko umeak dituzten familientzako egiten diren saioetan 8-10 familia onartuko dira.
● 8-10 urte bitarteko gaztetxoentzat egiten ditugun Irakurketa Klubetan ere 10-15 partaide onartuko dira gehienez. Azken hauetan, haurrek bakarrik hartuko dute parte, helduen laguntzarik gabe.
Literaturaren sorpresak
Sorpresentzako lekua ere badago saio bakoitzean, izan ere, ikuskizun xume eta motibagarri batez ematen zaie bukaera Irakurketa Kluben saioei. Horretarako, saio batzuen bukaeran marrazki bizidunen ikuskizunaz gozatu ahal dute haurrek, beste batzuetan itzal txineskoekin prestatutakoa eskainiko zaie eta beste zenbaitetan antzezlanak egingo dituzte.
Hemen duzue Laudioko Liburutegian Bularretik Mintzora egitasmoaren barruan egindako Irakurketa Kluben bideo bat:
CSS | XHTML | WAI-A
iametza interaktiboak garatuta