Oinarriak

 “Gizakiak entzuten ditu ingurukoak, bere baitan gorde eta horren gainean eraikitzen ditu ideiak. Kantuan hasten da orduan, edota kontari”.

Vladimir Prop

 

 

Antropologia

Sehaska kantuak bizitzaren erritmoan sortzen dira, bihotzaren taupadaren eraginpean edota arnasa eta ibiliaren erritmoan. Antzeko xuxurlak sortzen dituzte mundu osoko gurasoek; modu berean kulunkatzen dituzte beren haurrak lasaitu eta lokartu nahi dituztenean. Aita edo amaren bularraren kontra estutuz, bihotzaren erritmoa entzuteko aukera eskainiz urrumakatzen dira mundu osoko haurrak. Antzeko gauzak esango ditugu hitz jolas eta kantuetan ere: gai berdinak, mugimendu eta jolas berdinak, eta erritmo berean.


Mundua mundu denetik, ipuinak ahotik belarrira hedatu dira eta ia gaurdaino iritsi zaizkigu apenas kutsatu gabe. Mito berdinak eta aitzakia berdintsuak dituzte mundu osoko ipuinek, eta gizarteak beti erabili izan ditu haien haurrei bizi pusketak transmititzeko; bizitzak jartzen dizkien erronkak gaindituko dituztenaren esperantzan hazteko.


Kultur bideak

Gizakiaren sorreran eta literaturaren hastapenean aurkitzen ditugu poesia eta kantua, biak ala biak erritmo-sekuentzia batean, ezinbestean lotuak. Aldi berean, ipuin ederrak sortzen dira haurrak dibertitzeko eta gizabanakoaren bilakaera ulertzen laguntzeko.


Ondare unibertsala osatzen dute pieza hauek guztiek ezaugarri komun batzuk gordetzen dituzte, kultura guztietan errepikatzen direnak. Baina kultura bakoitzak bere pentsamoldetik sortuko ditu eta mendez mende transmititu hizkuntz galbahetik pasa ondoren. Beraz, gure kasuan euskarak sortu duen tradizioa erabiliko dugu eredu gisa, gaurkotu ondoren gure haurrei eskaintzeko.


Nortasuna eraikitzen

Biziaren lehen urtean garatzen dira haurraren nortasuna gidatuko duten ildo nagusiak. Psikoanalisiak prozesu hori azaltzen duenean, bizitzaren eta heriotzaren instintu kontrajarrien arteko guda aipatzen du. Guda horren baitan sortzen diren sentsazioen bilakaera izango da oinarri haurraren nortasuna eraikitzeko.


Helduen esku dago neurri handi batean, haurrari sentsazio onak transmititzea, babesa sentiarazten dion bitartean. Haur Literaturaren baliabide formalak eta erabiltzen dituen jolas, doinu eta kontzeptuak lagungarriak suertatzen dira ongizate sentsazioa sortu eta mantentzeko.

 

Aprendizaia eskema

Hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko lotura erabatekoa da. Hizkuntzaren bidez adierazten ditugu munduan gertatzen diren gauza gehienak, hizkuntzaren bidez ulertzen ditugu gure buruarekin ditugun gatazkak, eta gure sentimenduak adierazteko, halaber, hizkuntzaz baliatuko gara batik bat.


Hizkuntzaren garapen egokia lortzea guztiz onuragarria da pertsonarentzat. Haur literaturak tresna ezin hobeak eskaintzen ditu bilakaera honen lagungarri. Hizkuntz aprendizaia eskemak bat egiten du haur literaturaren zenbait ezaugarriekin: erritmoa, errepikapen sistematikoak, errimak eta jolas bideak. Gainera, haurrari lagunduko dio hizkuntz idatziaren ulermen estrategiak garatzen, hausnarketak bideratu eta arreta mantentzeko gaitasuna garatzen duen bitartean.
 


 

Galtzagorri Elkartea
© 2016 Bularretik mintzora

GALTZAGORRI ELKARTEA
Zemoria, 25-behea
20013 Donostia
Telf.:943 471 487